Mundua -
Orain dela 38 urte Derryn
Cameronek 'Bloody Sunday'ri buruz: 'Ezin justifikatuzkoa izan zen'
Hildako 14 pertsonetako bat berak ere armarik ez zeramala eta soldaduek tiro egin aurretik abisurik eman zutela ondorioztatu duen txostena irakurri ostean, Cameronek barkamena eskatu du.
Erredakzioa
1972an eskubide zibilen aldeko martxa batean, Derryn (Ipar Irlanda) jazotakoa "bidegabea eta ezin justifikatuzkoa" izan zela onartu du David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak. 14 zibil tiroz hil zituzten soldadu britainiarrek egun hartan eta ordutik, ''Bloody Sunday'' (Igande odoltsua) bezala ezaguna da.
Lord Saville of Newdigate Epaitegi Goreneko epaile ohiak 12 urte eman ditu jazotakoa ikertzen eta Cameronek adierazpen horiek egin ditu txostenaren ondorioak irakurri ostean.
Lehen ministroak barkamena eskatu du eta erantzunkizunak hartu ditu bere gain, "gertatu zena ez zen inoiz jazo behar. Gobernua da indar armatuen azken erantzulea eta horregatik, Gobernuaren izenean, biziki sentitzen dut".
Hildako 14 pertsonetako bat berak ere armarik ez zeramala eta soldaduek tiro egin aurretik abisurik eman zutela ondorioztatu du txostenak.
Cameroren hitzetan, soldaduak "nork bere onetik ateratzearen" ondoriok izan ziren heriotzak eta istiluen ostean, zenbait soldaduk "nahita testigantza faltsuak eman" zituztela argi geratu dela gaineratu du.
Senideak pozik daude
Bere aldetik, biktimen senitartekoak testuaren edukiagatik pozik agertu dira. Halaber, Cameronek "defendaezina dena ezin defendatu" daitekeela esan duenean, pantaila erraldoien inguruan bildutakoek txalo egin dute.
Erresuma Batuko Gobernuak astelehenean jaso zuen 5.000 orrialde inguruko txostena, eta biktimen familiek eta kaltetutako militarrek gaur izan dute edukiaren berri.